2012/08/25

ORDIZIKO GAZTE ASANBLADATIK BERRIAK


Udan zehar Ordiziako Gaztetxearen eraikinaren inguruan izan diren gertakizunak ikusirik, horren inguruko informazio garbia zabaltzeko beharra ikusi dugu. Hori irakurterraza izan dadin, orain arteko gertaera eta erabakiak puntuka azaltzen dizkizuegu. Izan ere, herrian zehar zurrumurru ezberdinak piztu dira eta horien zuzentzea da gure asmoa.
Gertaera eta erabakiak:

-          Uztaila hasieran, eraikinaren egoera txarra zela ikusirik, arkitekto batekin jarri ginen harremanetan.
-          Arkitekto hark eraikinaren egoera uste baino okerragoa zela baieztatu zigun.

-          Hori jakinik bi erabaki hartu genituen:
o   Udalarekin kontaktuan jarri eta ikerketa bat abiaraztea.
o   Segurtasun neurri moduan gaztetxearen erabilera beheko solairura mugatzea  festek irauten zuten bitartean.

-          Hasera batean udaleko teknikariak pasatu ziren eta guk esan bezala, ikerketa bat burutzeko beharra ikusi   zuten.
-          Abuztuaren 2tik 6ra udalak deituriko enpresa lagin bila etorri zen gaztetxera.
o   Azken egunean gaztetxea goitik behera “apuntalatu” behar izan zen zutabe batzuetan      pitzadurak agertu zirelako.
o   Hori ikusirik emaitzak jaso aurretik gaztetxea hustea erabaki genuen.
-          Ikerketaren emaitzak udaletxean daude, baina hori itxita dagoenez, irailera arte informazioa  ez dugu gure esku izango. Hala ere, datu batzuk badauzkagu:
o   Etxebizitza baten zutabeek 250kg/cm2 jasan beharra dute eta gaztetxeko zutabe batzuek 30kg/cm2 soilik jasan dezakete.

-                  Orain gaztetxea erabat itxirik dago segurtasun moduan, ezin da inor sartu.

-          Irailean behin informea edukirik, gaztetxea berritu daitekeen edo ez ikusiko da eta ondoren udalarekin kontaktuan jarriko gara. 

     Orain arte bezala, hemendik aurrera erabaki guztiak asanbladatan hartuko dira. Horregatik,  gaztetxearen inguruan interesa duen edonori deia zabaltzen diogu astean zehar udaletxe azpian burutuko diren bi asanbladetan parte har dezaten: Bata, asteartero 19:00etan asanbladari dagozkion ekintza eta gaiak antolatu zein eztabaidatzeko, eta bestea, ostiralero 19:00etan eraikinaren inguruko erabakiak hartzeko. Ongi etorriak izango zarete gaztetxetik pasatu zaretenok, gaztetxean zabiltzatenok eta  orain arte hurbildu ez zaretenok. Garai berriei heltzeko unea da, 26 urte ta segi aurrera!


Ordiziako Gazte Asanblada
Ordiziako Gaztetxea

No hay comentarios:

Publicar un comentario