2012/10/31

Ordiziako Udalaren Prentsa oharra


Ordiziako Udalaren prentsa oharra
(Urriaren 31n, Milagrosa ikastetxean emandako prentsaurrekoa)

Arratsalde on eta ongi etorri guztioi. Gaurko prentsaurrekoaren helburua da abuztua arte, 26 urtetan, filipinas kalean egon den gaztetxearen itxieraren zergatiak azaltzea eta Udalak eta OGAk etorkizunerako dituzten asmoen berri herritarrei ematea. Informazioa halamoduz zabaldu bada ere, eraikinaren itxieraren zergatiak eta ixteko eman ziren pausoak ondoko hauek izan ziren:

1 Gaztetxeak izan zezakeen egoeraz kezkatuta, Ordiziako Gazte Asanbladak hainbat kontsulta egin zituen abuztu uztaila hasieran. Eraikina erabiltzeak arriskua izan zezakeela sinistuta, OGAk hitzordua eskatu zuen udaleko arduradun eta teknikariekin. Eraikina birritan bisitatu genuen eta arazoa benetakoa izan zitekeela ohartuta, aurreikuspena baieztatu zitzaien OGAko ordezkariei eta erainikinaren egoeraren azterketa eskatzea erabaki zen. Eta zentzu horretan egin zuten txostena udaleko teknikariek.

2 OGAk, ikuskaritza aurretik erabakita zuen moduan, eta ardura osoz, hilaren 21ean hasiko ziren herriko jaietan gaztetxearen erabilera mugatua egitea erabaki zen. Soilik, teknikariek hala hobetsita, sotoa erabili zen kontzertuetarako, eta lehenengo eta bigarren pisua ez ziren ireki. Udalak eta OGAk adostu zuten, jaiak amaitu eta azterketa teknikoen emaitzak jaso arte gaztetxearen erabilera mugatua izango zela, eta helburu horrekin izenpetu zen hitzarmena.

3 Eraikinaren azterketa egin zuen enpresak berretsi egin zituen uste guztiak aurre emaitza batean (extraofizialki) eta erabiltzaileentzat arriskua egon zitekeela gaineratu zuen.

4 Hori guztiagatik, abuztuaren 10ean, gaztetxea behin betiko ixteko erabakia hartu zuten Udalak eta OGAk, eraikinak irtenbiderik baduen jakin arte behintzat. Ordurako, OGAk, eraikinean zuen material erabilgarria atera zuen bertatik.

5 Gertaeren hastapenetik harreman estuan aritu gara lanean Udala eta OGA irtenbide egokiaren bila eta aurrerantzean ere halaxe jarraituko dugu. Udal honi ezinbestekoa iruditzen zaio Ordiziako gazteriak espazio propioak izatea, eta zentzu horretan, gaztetxea gazteentzako alternatibak sortzeko eta garatzeko espazioa dela ulertzen dugu. OGAk Ordiziako dinamizazioan egiten duen lana geure egiten dugu eta ahalegin horretan jarraitzeko eskaera egiten diogu.

6 Gauzak hala, gaztetxeari ostatu non eman aztertzen aritu gara hilotan. Herriko eragile desberdinen beharrak neurtzen ari gara udaberriaz geroztik eta udalarenak diren eraikinen egoerari so eginda dauden aukerarak aztertu ditugu. Aspektu guztiak kontuan hartuta, gaztetxe berriari Milagrosa ikastetxean ikusi diogu kokapen egokia. Jakin badakigu, eraikina zaharkitua dagoela, baina hori ere bada OGAk eta Udalak abiatu dugun elkarlanaren funtsetako bat; hilzorian dagoen espazioari bizia ematea.

Puntu honetan eskerrak eman nahi dizkiegu Urrup antzerki taldeari, Amets Bide dantza taldeari, Hitzaro kultur elkarteari eta Goierriko Bertso Eskolari, lanerako egoera deserosoan izan bada ere, urtetan eraikin honetako bizilagun izanik, beharra sortu orduko laguntza baino agertu ez dutelako. Eskerrik asko.

Eta OGAri, elkarrekin abiatu dugun bide honetan sinisten dugula esatea baino ez zaigu geratzen. Eta aurrerantzean ere bidelagun izango gaituzuela jakinarazten dizuegu. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario